Urtero bezala, Durangoko Azokan izango gara abenduaren 6tik 9ra. Landako guneko Barrenkaleko 19an izango dugu Zenbat Gara elkartearen erakustokia. Aurtengo nobedade nagusia Euskara Jendea izango dugu, Ibaizabal-Mendebalde eta Zenbat Gara ekoizten ari diren dokumental sorta aurreratuko digute bihartik aurrera. Ikus-entzunezko lan honetan Xamar idazlearen Euskara Jendea liburuan oinarrituta, euskaldunon hiztun komunitatearen historiaren ildo nagusiak azaltzen saiatuko dira. Proiektuaren webgunea bihar ezarriko dute sarean; gure stand-ean, berriz, trailerra eta bestelako jakingarriak eskainiko dituzte egunotan.
Bestetik, Erroa argitaletxea izango dugu aurten Zenbat Gararen tokian, iaz aurkeztu genuen Atoan izenekoaren lekua hartzen. Hasieran Erroa zen argitaletxearentzat aukeratutako izena, baina markaren erregistroaren inguruan izandako gorabehera baten ondorioz kooperatibaren izenarekin atera genuen. Aurten, izenaren inguruko arazoak gaindituta, Erroa izenarekin aterako dira behingoz iaz argitaratutako Euskara errazean bildumako lau tituluak: Hego Itsasoetako ipuinak, Lurtarrak, Ehuneko ehun eta Maggie, kaleko neska bat.
Utzi erantzuna