Bihar, apirilaren 2an, 18:00etan Bilboko Plaza Barrian GUKA ekimenak egingo duen hitzorduarekin bat egiten duela adierazi nahi du Zenbat Gara elkarteak. Plaza Barrian egingo den ekintza herrikoiaren bitartez, martxan dauden erdalduntze-mekanismoak ikusarazi eta Bilbo euskaraz datorrela aldarrikatuko dugu bilbotar euskaltzaleok.
Duela aste batzuk aurkeztu zuen GUKAk, Bilboko euskaltzaleen plaza askeak, Bilbon martxan dagoen “erdalduntze makina”, euskaraz bizi nahi duen bilbotar oro irentsi eta, etsi arte, bizitzaren arlo guztietan euskaraz jardutea eragotziz, euskaraz bizitzea gure hirian erronka gauzaezina bihurtzen duen traba multzoa. Etengabe martxan dabilen makinaria bat irudikatu zuen GUKAk orduan, “erdalduntze makina” hori.
Azkenaldion euskararen kontra zabaltzen ari diren euskara “traba” delako diskurtsoek batetik, eta gure hizkuntzaren ofizialtasuna urratzen duten sententzien bidezko oldarraldi judizialak bestetik, makinaria hori hauspotzen duten bitartean, Zenbat Garatik uste dugu badela garaia makina apurtzeko eta euren ekintzekin edo ekintza ezarekin deseuskalduntze makina hori babesten dutenei beren ardurak aurpegiratzeko, gaur eta hemen, Bilbon, euskaraz bizitzeko eskubidea gauzatu nahi dugulako.
Utzi erantzuna