Zenbat Gara elkartetik, gure aitortza eta esker ona adierazteaz gain, elkartasuna eta babesa helarazi nahi diogu Bilboko BIRA kulturguneari, ekimenak bizi duen egoera estua dela eta, orain arte bezala ezin izango duela jarraitu ezagutzera eman den egun honetan.
Aitortza eta esker ona lehenik, izan ere, azken urteotan Erronda kaleko kultura ekimen txiki-erraldoi honek Bilboko kultura panoramari sekulako ekarpena egin dio, euskaratik eta euskaraz egiten denari erabateko lehentasuna emanda. Zazpikaleek premia larriz beharrezko zuen kultura topagune bizia eratu du BIRAk sortu zenetik orain arte: kultura, zentzu zabalean, denetariko adierazpenak jaso dituelako: musika, dantza, bertsoa… Topagunea ere bai, hitzaren bidez, gogoeta filosofiko, kultural eta politiko anitzari adierazpide irekia eman diolako, denetariko jarrerei bidea emanez. Bederatzi urteko ibilbide oparoak sinesgarritasun aski egiaztatua ematen dio BIRAri, eta orain arteko maila altuari eusteko beharrezkoa duen laguntza merezi eta behar du.
Irailetik ekainera, 290 kultur hitzordu antolatu ditu BIRAk azken hileotan, baina orain arteko zenbait laguntza desagertuta, bere kultura jarduera erabat murriztu beharko du ezinbestez. Bilboko euskaldunak kaltetuko gaitu bereziki programazio horren faltak. Tamalez, baina, batzuetan ikusmira laburreko publiko/pribatu dikotomia faltsu eta baztertzailearekin egiten dugu topo gure inguruan.
Instituzioetatik jendea ikusle-erosle urrunaren rolera murrizten duen masa ekitaldi handien kultura komertziala dirutzarekin sustatzen den bitartean, BIRAk, jendea partaide hurbila duen ekimen xumeak ez du oraino laguntza handirik izan, are gutxiago bere ekarpenaren neurriarekin eta dinamismoarekin alderatuta. Alabaina, herri ekimenetik sortutako proiektuek inbertitutako sos apurren ahalmen biderkatzailea dute, gizarteari jasotakoa baino askoz gehiago itzultzen baitiote. Horrela izan da orain arte BIRAren kasuan, eta horregatik gaude zinez eskertuta.
Bihoakio, hemendik, BIRAri, murrizketa bidegabe honen aurrean, esker onaz gain, gure elkartasuna eta babesa. BIRAk dagokiona behar eta merezi du bere ekarpen itzela gozatzen segi dezagun.


Utzi erantzuna