Luzien Etxezaharreta lapurtar kazetari eta idazlea gurean izango dugu martxoaren 20an (asteazkena), eguerdian, Euskal Herriari Iparraldetik begira gaia jorratzen, Zenbat Gara elkarteak antolatutako hitzaldian. Maiatz aldizkariaren eta argitaletxearen bultzatzailea, euskal kazeta eta irratietan lanean jardundakoa dugu, beti Ipar Euskal Herriko kokapenetik eta bertako ikuspegia ondo ezagututa.
Bere ikuspuntu biografiko eta pertsonaletik azalduko digu Etxezaharretak Euskal Herria nola ikusi eta bizi izan duen, bere hitzetan: “Nola begiratzen den, hala ikusten da. Euskal Herria norberaren eraikuntzatik dator: herri euskaldun txiki batetarik hiri handietaraino joanez, kultura frantsesa eta mundukoa eskuratuz, abertzaletasunaren jazarketak sendituz, ideologia eta borroka politikoen haizeetan ibiliz, hitzaren garrantzia kazetaritza eta irratigintzaren bideetan ibiliz obratzean, biziak ekarri min eta zorionek bakoitza moldatzen baitute, herri baten bilaketa dator azken batean: zuk maitatzeko gai litzatekeena”.
Sarrera mugatua izango du hitzaldiak, aldez aurretik izena ematea eskatzen da horregatik.
Utzi erantzuna