Euskararen aldeko lasterketa Bilbora helduko da ostegun arratsaldean. Erandiotik igaro ostean San Inaziora helduko da 17:30ean eta 21:30 pasatxo Abusutik irtengo da, Etxebarrira. Tartean, auzorik auzo ibiliko da lau orduz Korrika 18 gure botxoko kaleetan barna. Zenbat Garako kideok euskalgintzaren kilometroan hartuko dugu parte 19:40 inguruan, plaza biribiletik eliptikora doan zatian, hain zuzen ere (19:30ean geratu gara plaza biribileko Euskadiko Kutxa parean). Lehenago, Bilboko euskaltegiotako ikasle talde batek korrika egingo du San Mames estadio zaharrean Athletic-eko jokalariekin, tartean egongo da Gabriel Aresti euskaltegiko ikasleen ordezkaritza ere.
“Eman euskara elkarri” lelopean, martxoaren 14an abiatu zen aurtengo Korrika, hamazortzigarrena, Andoaineko Martin Ugalde kultur parketik. Hamaika egunez Euskal Herria zeharkatu ondoren hilaren 24an Baionan amaituko da euskararen alde bi urterik behin egiten den herri lasterketa etengabe hau.
Utzi erantzuna