Go to Top

Joxan Lizarribar joan zaigu

Iragan asteartean jakin genuen Joxan Lizarribar lagunaren heriotzaren berri tamalgarria. Euskaltzale nekaezina genuen Joxan, Zenbat Gararen laguna eta Berria egunkariko administrazio kontseiluko lehendakaria. Juan Antonio Urbeltzen eskutik gazterik sartu zen euskal dantzen munduan, Argia dantza taldean parte hartuz, eta gerora, enpresa munduan ibili zen arren, ez zuen inoiz albo batera utzi euskal kulturaren aldeko lana. Lizarribarri buruz asko idatzi da egunotan, bere hainbat alderdi nabarmenduz. Guk lerrotara ekarriko dugu Aritz Ibañez Lusarretak dantzan.com atarian idatzitako albistea:

Joxan Lizarribarren heriotza “zartako itzela” izan dela esan digu Juan Antonio Urbeltz-ek. 1951. urtean jaio zen Altzon, eta 16-17  urte zituela sartu zen Argia dantzari taldean, Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean taldeak lan-hildo berria jorratzeari ekin eta handik gutxira. “Gipuzkoatik irten zen lehen aldian gurekin, Marian [Arregi] eta biokin, izan zen“, esan digu Urbeltzek, “Erronkarira joan ginen, Otsagiko dantzak egiteko makilak eta bestelakoak eskuratzera“. Begiak eta belarriak argi zituen ordurako, eta “jakinmina eta begirada bihurriak” berarekin izan ditu ordutik.

Joxan Lizarribar - Argia 1971

Argia dantzari taldearekin Nafarroa Behereko dantzak egiten 1971. urtean. Argazkia: Javier Garayalde – Guregipuzkoa.net – CC-BY-SA

Joxan Lizarribar - ArgiaHarrezkero milaka kilometro egin zituen Joxan Lizarrabarrek. Argia dantzari taldearekin hara eta hona ibili zen, Euskal Herria eta Euskal Kultura ezagutuz. Benito Lertxundik Argiaren emanaldietan parte hartzen zuen eta harekin adiskide egin zen. Ez Dok Hamairu taldeak eta Argiak elkarrekin egiten zituzten hainbat jarduera, eta euskal musikagintza irauli zuen taldearekin harreman estua abiatu zuen.

[Eskuineko argazkian, Joxan Lizarribar eta Fernando Aristizabal, Lizartzako dantzak egiten. Argazkia Altzon egin zen, Lizarribarren baserriaren aurrean.]

Dantzan eta kantuan ezezik, laster hasi zen dantzan irakasten ere Lizarribar. 1969an Fernando Aristizabal, Argiako dantzari eta lagun-miñarekin Tuteran izan zen astebetez bertako taldeari irakasten. Berrian aipatzen denez, Hernaniko Urumea ikastolako haurrei irakasten aritu zen tarte batez, eta besteak beste Bingen Zupiria Deia-ko zuzendaria eta Arantzazu ZugastiNoticias de Gipuzkoa-koa izan zituen ikasle.

Joxan Lizarribar - Berria 2003

Marian Arregi, Juan Antonio Urbeltz eta Joxan Lizarribar, Berria egunkariaren aurkezpenean, 2003. urtean. Argazkia: Juan Carlos Ruiz / Argazki Press / Berria.

Kimika ikasketan egin eta enpresa munduan egin du ibilbide profesionala Joxan Lizarribarrek. Adunako (Gipuzkoa) Kelsen SA enpresako zuzendari nagusia zen, eta mundu guztia korritua zuen lan-kontuak medio. Lan-bidaiak, baina euskaldun eta kulturzale izateari utzi gabe. “Herri honek izan duen enbaxadore onena izan da“, esan digu Juan Antonio Urbeltz-ek.

Joxan Lizarribar - Argia 2009

Joxan Lizarribar, Todor Etxaburu eta Mikel Urbeltz, Argia dantzari taldearen Axuri-Beltza (2009) 40. urteurreneko ikuskizunaren ondoko afarian.

Joxan Lizarribarren heriotzaren harira argitaratutako zenbait artikulu:

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude