Go to Top

Urtebetetze festa gogoangarria Fermin Muguruzarekin

Egundoko jaia izan zen larunbateko Fermin Muguruzaren kontzertua Bilboko Kafe Antzokian. Bere musika ibilbidearen 30 urteak ospatzen ari den No more tour biran geldialdi berezia egin zuen Bilbon. Izan ere, bere 50. urtebetetzea ospatu zuen apirilaren 20an, lagunez inguratuta, bere etxetzat duen Kafe Antzokian. Kontzertua baino gehiago, festa bilakatu zen gaua, gau magikoa.

Egunotan esana zuen Ferminek egunkari batean: “Bilboko Kafe Antzokia kontzertuak emateko nire lekurik gustokoena da Euskal Herrian eta, gainera, nire etxea da, horregatik erabaki nuen nire urtebetetzea agertoki horren gainean ospatzea”. Ospakizunaren baitako ospakizuna, bere bira honetan 30 urteko musika ibilbidearen mugarri nagusiak gogoratzen ari baita irundarra, Kortaturen garaitik hasi eta bakarkako ibilbideraino, Negu Gorriak taldetik igarota. Bilbon entzun ahal izan genituenen artean Sarri-Sarri, La linea del frente, Gora herria eta beste asko zeuden, Radar FM 1999-2013 azken diskoko bilduma osatu duten kantuez gain. Lagunez inguratuta aritu zen Fermin: Sorkun, Zuloak taldeko kideak, Naroa Gaintza…

Kurdistango Dyarbakir-en abiatu zuen bira Muguruzak, Newroz egunez, ondoren Berlin, Ondarroako Kafe Antzokitik eta Palestinako Ramalatik igarota, Bilbon geldialdi berezia egiteko.  Ondoren Kataluniara, Galiziara, Ipar eta Hego Amerikara, Australiara eta munduko bazter askotara eramango du birak, baina beti geratuko zaigu gau honen gogorapena. Aupa Fermin, urte askotarako!

, ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude