Hurrenez hurren, Berria egunkariak 10 urte eta Hor Dago! Abante konpartsak 20 urte betetzen dituztela ospatzeko bazkari-jaia antolatu dute datorren larunbatean (apirilak 27) Bilboko Kafe antzokian eta Bilbo aldeko Berrialagun guztiak bertan esku hartzera gonbidatu gaituzte. Bazkaria Kafe Antzokian, 14:00etan izango da eta txartelak (18€) salgai daude Kafe Antzokian, Café Bilbaon, Morga tabernan eta Interneten.
BERRIA egunkariak hamar urte egingo ditu eta ospatu egin nahi du. Ospatu nahi du bertako langileekin, kolaboratzaileekin, irakurleekin BERRIAlagunekin, proiektua bideragarri izan dadin dirua jartzen dutenekin… Guztiei eskerrak eman nahi dizkie, haiekin egon nahi du, eta aurrera egiteko haien sostengua behar duela esan nahi die. Berrialagunen bazkaria deitu diote, azken batean euskarazko prentsak babesleak eta laguntzaileak behar dituelako, baina edonork joan ahal izango du bazkarira.
Bestalde, euskarazko prentsa sustatzeko sortu zuten Hor Dago! Abante 1993an. Euskaldunon Egunkaria-ren laguntzaile izan zen, eta orain Berria egunkariarena. “Lagun zaharrak eta berriak” batu, haiekin hitz egin, jan, edan… Ospakizun xumea izango da, baina “goxoa eta polita”, antolatzaileen esanetan. Berrialagunekin, kolaboratzaileekin, irakurleekin… Euskarazko kazeta posible egiten duten guztiekin ospatu nahi du Berriak bere 10. urteurrena. Horretarako aukera ederra izango da Bilbon larunbat honetan.
Utzi erantzuna