Go to Top

Abenduaren 15ean, Kafe Antzokiak 18 urte, 2013ko balantzea

Igandean 18 urte beteko ditu Kafe Antzokiak. Adinez nagusia bilakatuko zaigu 1995eko abenduaren 15ean Bilbon ateak ireki zituen euskal topagune honek, eta urteotan bere ekarpena arrakastaz egin du, euskaldunontzat eta euskarara hurbiltzen direnentzat topaleku ireki eta dinamikoa izanik. Ohi dugun moduan, urteurrena baliatuko dugu 2013ak eman duenaren balantzea egiteko.

2013an 353 ekitaldi programatu dira Bilboko Kafe Antzokian, ohi bezala denetarikoak: kontzertuak, hitzaldiak, liburu eta diskoen aurkezpenak, prentsaurrekoak, irakurraldiak, erakusketak, antzerki emanaldiak, film proiekzioak, bilkura eta mintegiak, bertso saio eta bazkariak, mahainguruak, ekitaldi pribatuak, ospakizunak eta talde otorduakā€¦ Gau-giroaz eta kanpoko hainbat artista interesgarriren emanaldiez gain. Jario horren erakusgarri dira azaroan programatu ditugun 44 ekitaldiak eta abenduko 36ak.

Denoi eragin digun testuinguru ekonomikoa gorabehera, gogoz eta irudimenez beteriko hainbat ekimen aurrera eraman dira gurean. Kafe Antzokiko goiko aretoan egokitu eta zabaldu dugun klubak ostiral gauetako giroari ekarpen interesgarria egin dio, musika sesio zehatzen inguruko giroak sortuta (Stereorocks, Paraleloan, Jai Alai Drum&Bass…). Horrez gain, ekitaldi pribatuak, bilkurak, talde bazkariak eta bestelako jarduera asko antolatu dira aurten Kafe Antzokian.

Gure programazioan euskaldunontzako eta euskara ikasten ari direnentzako ekitaldi interesgarriek lehentasunezko tokia izan dute, ohi bezala. Hala, euskal taldeen kontzertuak, ikasleek eurek egindako antzezpenak, azokak, jai tematikoak eta bestelako ekimenak izan ditugu. Esaterako, zine-txokoa eta idazlearen txokoa, iaz abiatutako dantza-kantagunea, truke-azoka…

Haurrei dagokienez, ikasturte osoan Kafe Antzokiko musika eskola eta arte eszenikoen eskola izan ditugu, Kurkuluxetan elkartearen eskutik, eta Haur eta gazte musika eta antzerki topaketak izan ditugu udaberrian.

Bestalde Zenbat Gara elkarteak hainbat hitzaldi antolatu ditu bertan urte honetan: Jon Sarasua, Koldo Izagirre, Luzien Etxezarreta Mari Luz Esteban, Iban Arantzabal, Joseba Barandiaran… Bilbon bizi diren katalanekin euren eguna ospatu dugu eta Sami, kurdu, ipar-hego amerikar eta hainbat herritako lagunen bisitak jaso ditugu, besteak beste. Euskaratik abiatuta munduari zabalik. Zenbat Garak antolatutako bisita gidatuek ere gure hiriaren hainbat alde erakutsi dizkigute gure hizkuntza komunitatearen ikuspegitik.

Dudarik gabe, Zenbat Gara elkartea osatzen dugunontzat, aurtengoa ekimen interesgarriz beteriko urtea izan da, alderdi askotatik begiratuta: udan hainbat campus eta udaleku antolatu ditugu haur eta gazteentzat, hainbat elkarterekin lankidetzan. Irailean eta urrian, hurrenez hurren, Gabriel Aresti euskaltegiaren 35. urteurrena eta idazlearen 80. urteurrena ospatu ditugu, ekintzez beteriko egitarauekin. Gabriel Aresti idazlearen familiarekin osatu dugun kultura elkarteak Gabrielen LEKUA ikuskizuna eta disko-liburua ekoitzi ditu eta, Ibaizabal-Mendebalde elkartearekiko elkarlanaren emaitza den Euskara Jendea serieak argia ikusi du azkenik. Azkenik, Erroa argitaletxeak liburu berri bi argitaratu ditu, euskara ikasten ari direnei irakurtzea errazteko helburua duen Euskara errazean bilduman.

Horiei guztiei gehitu beharko dizkiegu bidean diren eta 2014an etorriko diren beste batzuk ere. Urte askotarako!

OHARRA: Aurten, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala dela eta, ez dugu propio ospakizun ekitaldirik egingo igandean bertan, baina bezpera gaueko Ruper Ordorikaren kontzertu ostean egongo da ospakizunik eta, astelehenean ere, euskaltegiko irakasle eta ikasleekin ospatuko dugu urteurrena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude