Go to Top

Galizia eta galegoa hizpide ostiralean Sechu Sende eta Txerra Rodriguezekin

Euskara eta bere gorabeherak ezagutzen ditugu euskaldunok, baina… Zer dakigu galiziar hizkuntzaren egunerokotasunari buruz? Galizerak eta euskarak topo egingo dute ostiralean Kafe Antzokian, Hizkuntz(ar)en bidezidorretan / Nos atalhos da(s) línguas hitzaldia eskainiko baitute Sechu Sendek eta Txerra Rodriguezek.

Honela planteatzen dute biharko hitzaldiaren gakoa: “Ba al dute zerikusiarik euskarak, hipnosiak, surrealismoak, budismoak, umoreak, galizierak, jendarte sormenak, soziolinguistikak, esoterismoak, retranca-k eta erridikulua egiteak? Ba guk uste dugu baietz…” Galizaleak kultura elkarteak antolatu du ekitaldia,  eta hitzordu hau aurten Bilbon lehen aldiz ospatuko diren GALIZAleak jardunaldien barruan  dago, beste batzuekin batera.

Sechu Sende galiziar idazlea “Made in Galiza” goiburuko liburuaren egilea da, galegoz argitaratu ostean Txalaparta argitaletxeak euskaraz argitaratu duena (ikus zati bat PDFn). Lagun batek liburua irakurtzeko gomendatu zion Txerra Rodriguez euskaldun filologoari. Berak soziolinguistika gaiak sarri jorratzen ditu bere Garaigoikoa blogean, eta liburuan hizkuntza minoritarioak tratatzeko beste era bat zegoela aurkitu zuen. “Ipuinetan beste ikuspegi bat erabiltzen da, euskaraz orain arte erabili ez dena”. Geroago, liburua kurduerara itzulita zegoela jakin zuen. “Galiziara egindako bidaia batean Sechu ezagutu nuen. Ez nuen zalantzarik eduki: liburua euskaratu behar zen”. Itzultzaile ibilia den arren, Txerrak egin duen lehenengo itzulpen literarioa da hau. Hala ere, eta nahiz eta liburua euskaratzeko orduan zailtasunak eduki dituen, eroso sentitu dela aipatu du. “Hizkuntzarekin asko jolasten den egilea da Sechu eta zaila izan da jolas horietako asko gurera ekartzea. Baina oso gustura geratu naiz itzulpenarekin”.

 Hemen duzue jardunaldien egitarau osoa jasotzen duen kartela:

galiza-jardunaldiak

, , ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude