Bilbo Hiria irratiak egunotan 26 urte betetzen dituela eta, argitaratu duen Bilbo Hiria, 26 urte uhinetan zuen baimenarekin agirian adierazi duenez, bere entzuleekin osatzen duen komunitateari esker iraun du urteotan, merezi duen lizentzia orain arte ukatu bazaio ere eta une honetan Eusko Jaurlaritzak 2022-2024 hirurtekorako dirulaguntza ukatu badio ere.
(Bilbohiria.eus-etik ekarria) 1997ko udaberrian hasi zen uhinak igortzen Zenbat Gara elkarteak sustatutako irrati berriak Bilboko Arnotegi menditik. Ordutik lizentziarik gabe ari da gure irratia, baina, azkenaldion, legeztatua izateko leihotxoa zabaldu da, azkenik, Espainiako Ikus-entzunezko komunikazioari buruzko 13/2022 Lege Orokorra onartu ondoren, irrati komunitarioen erregularizazio prozesuarekin. Orain, Jaurlaritzaren ezinbesteko oniritziaren ondoren, Madrilgo gobernuaren mende egongo da azken baimena, esleipenerako datarik gabe, momentuz.
FMaren dialean salbuespena dira, tamalez, euskarazko irratiak, tanta bakanak erdal ozeano baten erdian. EAEko irrati publikoez eta Bizkaia Irratiaz gain, gurea bakarra da, Bilbon eta bilbotarrentzat gure hizkuntzan emititzen duena. Independentea alderdi, korporazio eta instituzioen eraginetik, baina Zenbat Gararen planteamendu eta helburu soziolinguistikoei erabat atxikia: euskaldunen komunitatea trinkotu, indartu eta Bilbotarrek bertoko ikuspegia duten euskarazko edukiak jaso ditzaten. Bilbon euskaraz bizitzea posible izango bada, hedabideen eta irrati-edukien kontsumoa ere euskaraz egitea posible egin behar dugula argi dugu, Bilbotik eta bilbotarrentzat.
Bitartean, ezin esan bertoko botere publikoetatik babes argirik jaso dugunik, hitz gozoak eta asmo onak bai, baina egiaren orduan… Dirulaguntza urriak zirenak zerora jaitsi dira 2022-24 hirurtekoan. Horren aurrean geuk jarritako helegiteari erantzuna 2022 bukaeran jaso genuen: ez ei dugu nahikoa ekoizpen argitaratu gure webgunean. Izan ere, informazio webgune moduan eskatu behar izan ditugu dirulaguntzak oraino, FM irratia garen arren, Jaurlaritzak berak ukatutako lizentzia edukitzea eskatzen baitu Jaurlaritzak irratitzat hartzeko.
Ukazioaren gurpil zoro hori gainditze aldera, Interneten egiten dugun lanak diruz lagundua izatea sobera justifikatzen duelakoan, informazio webgune gisa aurkeztu genuen geure burua. Sare sozialetan presente gaude, zuzenekoa streaming bidez igortzen dugu eta, batez ere, webgunea testigu, podcast eran eta testuz zein irudiz hornituta, ehunka argitalpen egiten ditugu. Jaurlaritzako teknikariek hartutako laginen arabera, nahikoa albiste kopuru argitaratzen ez dugula argudiatuta, zero euro agindu digute hiru urteotarako. Laginok noiz hartuak diren galdetuta eta geuk ere, gure entzule gehienekin batera, urtean hilabete opor hartzeko “ohitura bitxia” daukagula aurreratu bagenuen ere, ukapena berresteko erantzunean uztail-abuztuetako hiru astetan hartuak izan zirela esan ziguten. Ezetz asmatu: Bilbo Hiriak opor hartutako asteak, hain zuzen ere.
Eragozpenak eragozpen, sendo jarraitzen dugu lanean, eta, horren erakusgarri, aipa dezagun hemendik lasterrera bi saio berri izango ditugula: batetik, “Arren ez galdu”, aisialdia eta agenda jorratzen dituen saioa, Gabriel Aresti euskaltegiko ikasleekin lankidetzan egina; bestetik, “Liburuen errepublika txikia”, literaturaren zaletasuna lantzea helburu duena.
Egunotan 26 urte beteko ditugu, beraz, lizentziarik eta dirulaguntzarik gabe, baina pozik, egindakoaz eta itxaropentsu etorkizunaz, sekulako saiogile eta kolaboratzaile parrilla daukagulako. Familia zabala osatzen dugu, eta egunotan ospatuko dugu, lagunartean, bizirik eta indartsu gaudelako. Entzuleen eta gure komunitateko kideen laguntza eta babesa izan da urteotan arnasa eman digun hauspoa eta bizigarria, zinezko baimena, ez administratiboa eta paperezkoa, bihotz eta gorputzarena baizik. Biba zuek, beraz, eta biba guek! Urte askotarako!
Utzi erantzuna