Hamarkada luzea Bakaikuko barnetegiko Doneztebenea etxean lanean aritu eta gero, Pilar Goñi Ondarra langile nekaezinari heldu zaio ondo merezitako erretreta hartzeko unea. Etiketa guztiak bildu izan ditu irakasle eta ikasleekiko harremanetan: Ama, amama, psikologo, irakasle, sukaldari, garbitzaile, laguntzaile, erizain, sekretuen eta konfidentzien gordailu… Lan, lan eta lan, besterik ez du ezagutu Pilarrek bizitzan. Gorputzean ezin kabituzko bihotz handiko emakume sutsua, indar betea eta irribarre konplizea darion Angoia auzoko bizilagun ilustrea, bizitzaren joan-jinean Juan Mari bikotearekin batera “tandem” goxoa osatu duena. Langintza eta ofizio guztiak bere gain hartu izan ditu azken hamarkada luzean, eta Barnetegiak izan dituen bisitari eta turisten zaintzaz arduratu izan denak beti izan du “laguntza” berba akzioan, ekintzan. Umore betean, irribarre etengabekoan.
Maiatzaren 13an bildu ginen Bakaikuko barnetegiak duen etxean, Doneztebenean, “Pinuaren etxean”. Lankide, lagun, familiako kide eta Bakaikuko herritarrak izan ginen bertan Pilarri merezitako omenaldia egiten. Eguraldi euritsutik ihes etxeko, Bakaikuko barnetegiaren etxeko jangela zabalean izan zen ekitaldi potoloa: Esker oneko testua lankide-lagunen ahotan, aurreskuaren dantzaldia, egunerako espreski prestatutako bertsoa, argazki, oroigarri, lore-sorta, Bakaikuko abesbatzaren ahotan kantu goxoen lilura… eta horiekin batera, besarkadak, muxuak, irriak, berbaldiak eta zenbait negar anpulu izan ziren masailetan behera, mementoan loratutako emozioen pizgarri. Luze jo zuen egunak, eta ingurukoen berotasunak hauspotuta, ekitaldi-egun gogoangarria izan zen, bertaratutakoen gozagarri.
Erretreta hartu bai, baina zaila izango da Pilar geldirik egotea eta tarteka izango dugu bisitan Barnetegian loreak ureztatzen, bazterrak txukuntzen… Barnetegia bere etxea ere badelako; Pilar gure familiako kidea ere badelako. Bestela ere, “Zezaiozu” aldarria lagun, bisitan joan beharko dugu, Juan Mariren akordeioa entzutera eta Angoia auzoko beren etxe atarian berbaldi luzeak izatera; egindakoak akordura ekartzera, memoriaren arkeologia goxoa egitera, baina ez eskatu ezkutatutako zerbait kontatzeko, izan ere, Bakaikun gertatzen dena Bakaikun geratzen da.
Utzi erantzuna