Go to Top

Jose Arrueren beiratea dohaintzan eman diogu Bilboko Arte Ederren Museoari

Gabriel Aresti euskaltegiak eta Zenbat Gara elkarteak Bilboko Arte Ederren Museoaren esku utzi dute Jose Arrue margolariak 1920ko urteetan egindako beirate polikromoa, Abandoko artistak sortu zuenetik Kale Nagusiko 24an euskaltegiak duen egoitzan zegoena. Artelana birgaituta, aurrerantzean, museoaren esku egongo da eta bertan ikusi ahal izango da, bere bildumara gehituta. Birgaitutako beiratea gaur goizean aurkeztu da prentsaren aurrean, museoan bertan egindako ekitaldian. Museoaren bilduman sartuko den lehendabiziko beiratea izango den hau euskaltegiaren baitatik atera eta Bilbotarren esku jartzea du helburu Zenbat Garak dohaintza honekin.

Zenbat Garako kide batzuk Arte Ederren Bilboko Museoko Diseinu eta Arkitekturaren Konserbatzaile Gilermo Zuaznabarrekin

“¡Ené.. qué sasqueles…!” (“Ene… zelako saskelak!”) goiburuko beiratea, harmarkada luzez lohituta eta zati batzuetan hondatuta, barne patio batetik sartzen zitzaion argi apurrak argiztatuta zegoen, euskaltegiak 2015ean bergaitzea erabaki zuen arte. Egoera tamalgarrian egonik, nekez antzematen ziren beirate polikromo honen jatorrizko xehetasunak eta edertasuna.

José Arruek diseinatutako artelanak XX. mende hasierako umorezko eszena kostunbrista bat aurkezten digu: Hondartza batean, Ereagakoa izan daitekeena, bainuzale arduragabe batzuk ikusten ari dira ama-alabak izan daitezkeen baserritar bikotea. Helduak haurra babesteko keinua egiten du eta itxuraz bere ahotik atera den “¡Ené.. qué sasqueles…!” (“Ene… zelako saskelak!”) esaldia irakur daiteke behekaldean. Beiratearen inguru guztiak itsas motiboak ikus daitezke (txibiak, maskorrak, dortokak, arrainak…).

Ekitaldian, museoak 2023an birgaitu eta bereganatutako hainbat artelan aurkeztu dira, Iberdrolak babesten duen programa da eta enpresa horrek ordaindu ditu artelan horien birgaitze lanak, Arruerena tartean. Gaurko aurkezpenean Amaia Arregi, jarduneko Bilboko Alkatea eta museoko Patronatuko presidentea, Aritz Estibez Olea, Zenbat Gara eta Gabriel Aresti Euskaltegiaren ordezkaria, Javier Novo, kontserbazioaren eta ikerketaren koordinatzailea, María José Ruiz-Ozaita, Kontserbazio eta Zaharberritze Saileko burua, Fernando García Sánchez, Iberdrola España Fundazioaren presidentea eta Miguel Zugaza, Arte Ederren Museoko zuzendaria izan dira hizlari.

Aritz Estibez Olea mintzatu da Zenbat Gararen izenean gaurko ekitaldian.

Aritz Estibezek hitza hartzean, gogoratu du Zenbat Gara elkartearen sorreratik bertatik “euskara eta euskal kulturari ikusgarritasuna ematea, plaza ematea izan da – eta da – gure helburu nagusia”. Gabriel Aresti idazleak berak, Estibezen esanetan egin zuen moduan, “euskara ilunpetik atera eta argitara eraman, plaza eman, denon esku jarri, euskaldunon, bilbotarron esku, eta zabalkundea eman”. Hori dela eta, Zenbat Gara elkartean, euskal kultura erdigunean jarri nahirik, Gabriel Aresti euskaltegiaren bidez, euskararen irakaskuntzan eta sustapenean egiten den lana gogora ekarri du, baita Bilboko Kafe Antzokian kulturgileek duten erreferentziazko espazioa ere. Estibezek azaldu duenez, Zenbat Garak egiten dituen ekimenetan euskara eta euskal kultura Bilbotarren esku jartzea du helburu, “eta horixe da gaurkoan aurkezten ari garena. Euskal kultura eta Euskal Herriko autore eta lanen erreferentzialtasuna aldarrikatzen dugu. Horregatik, Zenbat gara elkarteak Bilboko Arte Ederrren museoari dohaintzan eskaintzen dio Jose Arruek sinatutako beiratea”.

Aritz Estibezek kontatu du Jose Arrueren ehun urte inguruko beiratearen birgaitze prozesua nola izan den:  “Jakin bagenekien bertan beirate bat zegoela eta ederra zela, baina horraino. Ez genion bestelako garrantzirik eman. Gutako batzuek bai, esan izan zuten, beirate hori garrantzitsua zela, zaintzeko elementu bat zela… Eta hala, 2015ean Gran Viako gure espazioan berrizte lanak egitea erabaki genuen eta momentu horretan konturatu ginen esku artean geneukan beiratea garrantzitsua izan zitekeela”.

Zenbat Gara kontaktuan jarri zen Mikel Delikarekin eta kontserbazioa babesteko, zaharberritze-lanak Mikel Delikak gasteizen dituen instalazioetan egin zituen. “Zaharberritze-prozesu horretan jakin genuen beiratea Jose Arruek berak sinatua zegoela eta Bartzelonako tailer batean egina izanaren sinadura zuela”, azaldu du Estibezek. Beiratearen garrantziaz jabetuta, Bilboko Arte Ederren Museoarekin harremanetan jarri zen Zenbat Gara.  “Prozesu horretan Guillermo Zuaznabarrekin, diseinu eta arkitektura kontserbatzailearekin, izan ginen elkarlanean eta hor ireki zen dohaintzarako bidea. Oso pozik gaude Bilboko Arte Ederren museoarekin egindako bide honekin eta espero dugu etorkizunean ere lankidetzarako aukerak izatea”, gehitu du amaieran.

BEIRATEAREN AZALPEN-FITXA TEKNIKOA

Gaurkoan museoak zabaldutako azalpen-fitxak honela dio:

Lehen solairuko halla
José Arrue (Bilbo, 1985-Laudio, Araba, 1977)
Rigalt, Granell y Cía. (Bartzelona, 1903-1923)
iEne… zelako saskilak…!
c. 1920-1923
Beira eta beruna. 190 x 181,5 cm
Zenbat Gara elkarteak eta Gabriel Aresti euskaltegiak dohaintzan emana 2023an

Arruek euskal hondartza batean kokatu zuen eszena, beharbada Lekeition, Zarautzen edo Donostian. Egilearen estiloaren ezaugarrietako bat da konposizioaren izaera komikoa, eta hala ikusten da neskatxarekin dagoen baserritarraren, zeinak babesten baitu hura magalean, eta bainularien jokabidearen arteko talka kulturalean. Irudiaren oinean “iEné… que sasqueles…!” esapidea ageri da, eta “Ene… lotsagabeak…!” modura uler daiteke. Gaia osatzeko, beiratearen inguruan eta alboetako plafoietan ikonografia aberatsa dago; Arruek arrainak, izarrak eta itsas zaldiak, zefalopodoak, dortokak eta itsasoko beste hainbat izaki irudikatzen ditu. Bestalde, aipagarriak dira beheko plafoiko bi sirenak, perla maskor baten albo banatara. Beirategiko sinbologia Eva modernoaren kontzeptuarekin lotzen da.
Japoniar estanpen eragina azpimarratu behar da, bai irudietan bai koloreetan eta sakontasun planoak banatzeko moduan. Animalien banaketa zainduari eta berunezko egitura txertatzeko modu armonikoari esker (beirak modu guztiz apartan mugatzen ditu), euskal artearen barruan beirate adibide bikaina da lan hau [Javier Novo].

Tratamendua
Beiratea museora iritsi aurretik zaharberritu zuten, 2017an. Lau zatitan banatuta zegoen, eta pieza nagusiaren beheko panela jatorrizko euskarritik desmuntatuta zegoen. Gainazal osoak, aurrealdeak zein atzealdeak, kutsaduraren ondoriozko substantzien geruza trinkoa zuen. Museoan egindako esku-hartzeari ekiteko, lehenik, garbitu egin zen, disolbatzaile-nahasketa baten bitartez, eta, amaitzeko, multzo osoa muntatu eta euskarri sekundario batean instalatu zen, erakutsi ahal izateko. Albo bietako beheko aldea lehengoratzea Vitoria-Gasteizko Vitrales Mikel Delikaren ardurapean egon da.

, , ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude