Go to Top

“Euskara Jendea” dokumentalak online ikusgai

Gaurtik aurrera Youtuben doan ikusgai egongo da Euskara Jendea dokumental sorta, oraintsu arte DVD formatuan soilik zegoena. Seriea osatzen duten sei kapituluak Youtuben egongo dira, Zenbat Gara elkartearen kanalean, baita euskarajendea.eus webgunean ere.

Euskara Jendea: gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza, Ibaizabal-Mendebalde eta Zenbat Gara kultura elkarteek 2013an ekoitzitako dokumental sorta da. 40-50 minutuko sei atalek osatzen duten dibulgaziozko lan honen bidez publiko zabal bati aurkeztu nahi zaio euskararen eta bere herriaren historia. Berriki Primeran plataforman argitaratu zuen EITBk eta orain Youtuben dago ikusgai, osorik.

Euskara jendea dokumental sortaren egitasmoak Juan Carlos Etxegoien, “Xamar” irakasle, ikerlari eta dibulgatzaileak 2006an Pamiela etxean argitaratutako izenburu bereko liburua du abiapuntu, eta ikus-entzunezko esparruan zegoen hutsunea betetzera dator, lengoaia honek duen zabalpenerako dohaina baliatuz. Dokumental sortaz gain, aipatzekoa da Xamarrek berak, Xabier Monasteriorekin batera, Bilbo Hiria irratian egindako izen bereko irrati saioarekin, irratiaren webgunean entzungai dagoena.

Sei DVD diskoren sorta moduan merkaturatu zen Euskara Jendea, gure hizkuntzaren historia gure historiaren hizkuntzan gure hiztunek eta munduko hainbat adituek kontatua. Orain sarean ikusgai daude sei kapituluak:

  1. Historiaren atarian
  2. Erromako inperioan
  3. Aniztasunaren bidean
  4. Mugetan gaindi
  5. Gerren arteko pizkundean
  6. Mundua osatzen

Dokumentalen osagarri, material didaktikoa aurkituko dugu webgunean, ikasle eta irakasleek ikastegietan kapitulu bakoitza lantezako aproposak diren PDFekin.

Elkarlanean aritutako lantaldea dugu ikus-entzunezko ekoizpen honen muinean: Hibai Castro (ekoizpen, errealizazio eta filmaketa lanak), Mikel Arredondo (ekoizpen eta didaktika lanak), Adur Larrea (postprodukzio eta grafismo lanak), Lutxo Egia (gidoia eta harremanak), Lon Gorka Fernandez (soinu-ingeniaria), Maria Uriarte (lokuzioak) eta Xamar (edukiak eta gidoia zehazten). Ehunka joan-etorri, elkarrizketa ordu eta edizio-lanen ostean sei kapituluko seriea ekoitzi zuena. Beste asko dira, bestalde, dokumentalotan ageri diren hizkuntzalari, arkeologo, historialari eta bestelako zientzialariak, idazleak, musikariak, herritarrak, figuranteak, elkarteak, erakundeak… baita pantailan ageri ez diren eta laguntza handia ematen jardundako era guztietako bidaideak ere. Auzolan handia izan zen, beraz, Euskal Herriko hainbat bazterretan eta atzerrian burututakoa, tartean pasadizo harrigarrrik ere izan zen dokumentalen grabaketa prozesuan, Mocconio Vero erromatarraren hilarriaren aurkikuntza kasu.

Topikoak desegiten

Gure hizkuntza-komunitatearen historiari jarraitzen dio serieak sei atalotan, historiaurreko abiapuntutik, gaur egungo euskal gizartera arteko bidaian. Xamarrek Euskara Jendea iburuaren aitzinsolasean zioen bezala, “Ikerketa serioen eta zabaldutako topikoen arteko amildegia bete nahian”. Euskara jatorri misteriotsuko hizkuntza zahar eta zaharkitu moduan aurkezten zigun ikuspegia bultzatu duten hainbat aurriritzi historiko gezurtatu eta hizkuntza bera hiztunon komunitatearen bilakaerarekin erabat loturik azaltzen digu dokumental sorta honek.

Hala, mendietan gotortutako herri bakartia baino, inperioen eta herrien igarobide bizia izan den ingurua ezagutuko dugu hemen, munduan barna harreman zabalak izan dituena. Euskararen gaur egundainoko bizirauteko gaitasuna azaltzeko, bere misteriorik handiena jatorriarenaren gainetik, isolamenduari baino, garaian garaiko erdarekin harremanetan, euskaldunok egokitzeko izandako gaitasunari egotzi dakiokeela deskubrituko dugu Euskara Jendea ikustean.

Xamar, euskararen dibulgatzailea

Euskararen dibulgatzaile handia dugu Juan Carlos Etxegoien, Xamar. Historia, antropologia eta soziolinguistikaren ikuspegiak biltzen dituzten hainbat libururen egilea. Zabalkunde handia izan zuen 1992an argitaratutako Orhipean liburuak, euskarazkoaz gain, gerora egindako espainieraz, frantsesez, ingelesez eta katalanez argitaratutako bertsioekin, eta ondoren etorritako Orekan, Euskara Jendea eta Etxea liburuekin. 2018an argitaratutako Etxera bidean liburu autobiografikoarekin 2019ko Euskadi Saria eskuratu zuen. Momentuz bere azkena Biziaroak. Herri kultura (Pamiela, 2023) liburua dugu, euskararen herriak mendeetan garatutako usadioen ikerketa antropologiko eta etnografikoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude