Go to Top

ALGARA, 30 urtez euskarak hauspotuta

1994an sortu genuen ALGARA, Gabriel Aresti euskaltegiaren ekimenen inguruko jaietan lehenik, Zenbat Gara elkartearen inguruan gero, garatzen eta sustraitzen etorri da Algara urte hauetan guztietan. Euskaldunok elkartu eta festetan euskaraz gozatu ahal izateko helburuarekin, Aste Nagusian euskal gune berezia errotu dugu Bailen kaleko Naja gunean, Areatzako zubi ondoan. Lehen ilun eta zikina zen kalea orain gune bizia da jaietan. Ahalegin handia egin dugu urteotan, kontzertu eta ekitaldien programazio propioa eginez.

1994 urtean abiatutako ibilbidea ospatzeko, aurten, Filibusti itsasontzi-txosnari egin diogu gorazarre. Euskarak hauspotu eta mugiarazten duen belaontzia, “30 urtez euskarak hauspotua” leloarekin. Gure motibo nagusian ez dira falta izan Pellot bera, bere loroarekin, eta Algara jendea, denetarikoa.

Askotarikoak dira, halaber, bertan ageri diren aldarrikapenak er: kalearen erabilera publikoa, feminismoa, kultura eta kulturak, euskararen zinezko ofizialtasuna, GUKA ekimen euskaltzale berria. Ikusgai dira hizkuntza minorizatuekiko keinuak, baita Palestina, naturarekiko errespetua, jai herrikoiak eta migranteak ere. Piraña batzuk ere badabiltza inguruan, gu izorratu nahian dabiltzanak.

Urtero bezala, Asiskoren laguntza handia izan dugu 30 betetzen dituen gure Filibusti irudikatzeko. Eskerrik asko hari ere.

Bederatzi eguneko astea igaro da, joan zaizkigu Marijaia eta Pellot, datorren urtera arte itxaron beharko dugu berriro Bilbo algarez  eta ALGARAz betetzeko. Aste zoroa izan da, aurreko asteotako eta hilabeteotako lanaren emaitza, baina pintaketa eta prestaketak amaitu ondoren, txupinaren kalejiratik  abiatu zen aste zoroa laburbiltzen saiatu gara irudi sorta honetan. On egin eta… Gora Marijaia! Gora jende libreen herri askea!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude