Orhipean, Gure Herria ezagutzen liburuaren edizio berria aurkeztu zuen atzo Pamiela argitaletxeak Donostiako liburutegi zaharrean. Juan Carlos Etxegoien, Xamar, dibulgatzaileak. Aurkezpenean, Pamielako Lander Majuelo eta Zenbat Gara elkarteko Isabel Isazelaiak hartu zuten parte, Orhipean liburuaren lehenengo edizioa 1992an agertu zenez geroztik izan duen eragina nabarmenduz.
Edizio eraberritu honetan, zenbait testu eta irudi asko aldatu eta eguneratuta ageri dira, 32 urteren ondoren, garaian ez zeuden irudiak sartuta eta kalitatea hobetuta. Xamarrek berak azaldu duenez, liburuaren lehen edizioa sortu zuelarik “euskaldun gisa behar nuen liburua izan zen, garai batean ez bainuen ezer ezagutzen Euskal Herriari buruz”. Unibertsitatean erabili izana “ez da normala” gehitu zuen Xamarrek, “gauza xumea izanik, gure curriculumaren falta salatzen du”. Hasieratik garbi izan nuen liburuak dituen ataletatik sortzen ahal zirela beste batzuk, gaietan sakonduz eta zabalduz, eta hortik atera dira aipatu dituzuen beste liburu guztiak”.
Patziku Perurenak ongi dion bezala, euskal animaren enziklopedia ttiki bat bezala hartzeko liburua da… Euskaldunok erregalo modura hartzeko liburua da hau… Euskararen Herria ulertzeko lana, denborari eta kanpo eta barne gatazkei aurrea hartuz euskara egundaino gure ibar eta auzoetan mantendu duen Herri hau ulertzeko ezinbesteko lana.” Antton Lukuren esanetan, “klasiko garaikidea” izan da Orhipean, eragin handia izan baitu, are, Majueloren esanetan, liburuak “jende asko euskara ikastera animatu du”.
Zenbat Gararen izenean mintzatu zen Isabel Isazelaiak nabarmendu zuenez, “Xamarrek lagundu digu formulatzen euskara ez dela gramatika bat, baizik eta kultur ezaugarri bat, herri oso baten bizipen, taupada, sinesmen… azken finean, kultura zentzu zabal batean ulertuta. Horretan lagundu digu Xamarrek eta horretan ardatz oso inportantea izan da Orhipean, eta jarraituko du izaten. Izan ere, Zenbat Gararen baitan lanean jardun du Xamarrek azken urteotan, euskal unibertsoaren dibulgazio langintza horretan buru-belarri sartuta.
Orhipean sortu zenetik, urteotan zabaltzen joan da, euskarazkoaz gain, gerora egindako espainieraz, frantsesez, ingelesez eta katalanez argitaratutako bertsioekin, eta ondoren etorritako Orekan, Euskara Jendea eta Etxea liburuekin. 2018an argitaratutako Etxera bidean liburu autobiografikoarekin 2019ko Euskadi Saria eskuratu zuen Xamarrek. Momentuz bere azkena Biziaroak. Herri kultura (Pamiela, 2023) liburua dugu, euskararen herriak mendeetan garatutako usadioen ikerketa antropologiko eta etnografikoa. Bistan da denak, modu batean edo bestean, euskarak eta euskal hiztunon komunitateak mendeotan garatu duen unibertso eta ikuskera islatzeko lanak izan direla.
Utzi erantzuna