Go to Top

“Oraina kontakizun” jardunaldien edizio berria, 2024ko urtarriletik-martxora, “erresistentzia” hizpide

Erresistentzia kontzeptuari erreparatuko diote 2024ko solasaldiek, aurtengoek errelatua aztertu zuten moduan, euskal sortzaileak binaka gonbidatuta, bakoitzak gaia bere ikuspuntutik garatu eta, ondoren, aurkezle-eragile baten galderei jarraituta. Lehen edizioan bezala, lau saio izango dira urtarrilaren 23a eta martxoaren 5a bitartean, bi Kafe Antzokian eta beste bi Bira kulturgunean.

Joan den ikasturtean, Zenbat Gara elkarteak eta BIRA kulturguneak “Oraina kontakizun” jardunaldiak antolatu genituen, 2023ko otsail-martxoetan. Zortzi lagunek (Lorea Agirre, Harkaitz Cano, Mari Luz Esteban, Lur Albizu, Txabi Landabidea, Katixa Agirre, Jule Goikoetxea, Maialen Lujanbio) hausnartu eta eztabaidatu zuten gaur egun horrenbeste entzuten eta erabiltzen dugun errelatu hitzaren gainean: nola sortzen da errelatua? Nork kontatu ahal du? Nork ezin du? Zelako kontakizuna dugu honen eta horren inguruan?… Jardunaldi haietan bildutako zenbait gogoeta argitaratu berri dira Durangoko Azokan, liburuxka formatuan.

Ikasturte honetan atzera ere ibili nahi dugu bide horretan barrena. Jarraitu nahi dugu kontatzen eta entzuten, erresistentzia hitzaren inguruan oraingoan. Bi adiera ditu erresistentzia hitzak. Bateko, oztopoa, traba, zailtasuna, mesfidantza, errezeloa… aski negatiboa. Besteko, iraun, bizi, aurrera jarraitu, sortu… positiboa.

Saio bakoitzean bi sortzaile arituko dira solasean, euskaratik eta euskaraz. Nork bere talaiatik abiaturik, erresistentzia hitzaren bateko eta besteko adieretan sakonduko dute eta, ondoren, euren artean eta publikoarekin solastatzeko aukera izango dute moderatzailearen eskutik. Ikusle kopuru mugatua izango da, 90 lagunekoa, eta aldez aurretik eman beharko dute izena  [email protected] helbidera idatzita. Lau saioetarako matrikularen prezioa 25 € da (20 € langabeak eta ikasleak). Sarrera eta aurreko jardunaldien liburuxka 30 €

**Saio bakoitzerako sarrerak bakar-bakarrik jarriko dira salgai baldin eta aforoa ez bada betetzen matrikulekin.

Hauek izango dira 2024ko jardunaldien datak eta partaideak:

Urtarrilak 23, 19:30ean, BIRAn:
Joxe Mari Agirretxe eta Yolanda Arrieta
Moderatzailea: Galder Pérez

Otsailak 6, 19:30ean, KAFE ANTZOKIAn:
Anjel Lertxundi eta Danele Sarriugarte
Moderatzailea: Ana Galarraga

Otsailak 20, 19:30ean, BIRAn:
Anari eta Iñigo Astiz
Moderatzailea: Julen Azpitarte

Martxoak 5, 19:30ean, KAFE ANTZOKIAn:
Iñi Etxezarreta eta Aner Peritz
Moderatzailea: June Fernández

,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude