Aste honetako ostiralean, urriaren 25ean, estreinatuko dugu jendaurrean Euskara Jendea seriearen 6. atala, Mundua osatzen izenekoa. Ondoren making of-a proiektatu eta jaia ospatuko dugu. Sortaren azken atala dugu Mundua Osatzen. Euskara bizirik ailegatu da XXI. mendera. Hemendik aurrera, baina, erronka berriak ditu, galdera berriak ditu, eta galdera berri horiei erantzun beharko die, orain arte bezalaxe, iraungo badu. Lehengoan aurkeztu genuen estreinaldi-emanaldi sortako azkena izango da hau, ondoren ETBn aireratuko da eta Durangoko Azokan salgai izango da, sei DVDk osatutako sorta batean.
Xamarren izen bereko liburutik abiaturik, Ibaizabal Mendebalde eta Zenbat Gara kultura elkarteek ekoiztutako “Euskara Jendea” dokumental sortak Euskal Herriko historiari begiratzen dio euskararen eta kulturaren talaiatik. Historiaurretik gaur egun arterainoko bidaian, hiztuna eta, zehatzago, hiztunen komunitatea da protagonista. Menderik mende, beste hizkuntz komunitate batzuekin etengabeko harremanetan joan da sortzen, eratzen, bizitzen, osatzen, egokitzen eta aldatzen hizkuntz komunitatea. Seriea iragan urteko abenduan iragarri genuenetik, urrats asko eman dira lan mardul hau burutzeraino, tartean aurkikuntza eta pasadizu bitxi asko.
Utzi erantzuna