Go to Top

Norentzat sortzen du poetak? (Gabrielen Lekuaz)

Sentikariek, bertsolariek legez, erraz asko egin dezakete poto, onanismoa praktikatzen duenak berak soilik gozatzen duelako.  Zorionekoak gu, hortaz, Gabriel Arestiren omenez, edo haren izenean, sortu den lanak errima dotore askoa lortu duelako.

Zazpi lagun izan dira taula gainean, eta, sormenaren teoriak dioen legez, nahasteak ekarri du berrikuntza. Olerkia, irudia, musika, bertsoa eta antzerkia oratu eta, denek bat eginda, Gabriel Arestiren, baina ez bakarrik haren, artearen goraipamen sutsua oholtzaratu dute, sabeletik, sugarretik ekarria.

Ordu eta erdi eskasean, galdera sakon bat planteatu eta erantzuteko astia ere izan dute: zein da Gabrielen Lekua? Oier Guillanek eta Andoni Egañak idatzi duten gidoian aurkitu dugu erantzuna:  Arestiren lekua zu zara, eta Arestiren lekua ni naiz; Arestiren lekua Arriaga da, eta gu ere bagara; Arestiren lekua herria baita. Herriarentzat ez bada, poesia paper hutsa dela esan digute, paperezko kanposantura zuzenean bideratutako akto onanista.

Aipu gogoangarri ugari izan ditu obrak, eta hona eder bat: “poeta txarrak ez du ezer esaten; onak hunkitu egiten gaitu; eta gorenak… gorenak irakurlea astintzen du”. Poeta gorena, poeta-mailua deritzotena, herriaren funtsak eta oinarriak dardaran jartzen dituena da.

Eskerrik asko, beraz, Arestiren dardarizoa sentiarazi, eta Artearen Gaineko Master Class apartekoa eskaini digutelako.

Jon Egia, 4. mailako ikaslea Gabriel Aresti euskaltegian.

,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude