Go to Top

Azaroaren 4an euskaldunon alde, biziraupenaren alde

Auzitegi gorena, nagusia, epaia, halako zenbakidun konstituzioaren artikulua, auzitegi konstituzionala… Euskaraz ari ote gara, ala lege espainiarraren sareetan kateatuta?

Lege propiorik ez dugun bitartean, hau da, Euskara Jendeok geure defentsarako sorturiko legeak —legeak horretarako baitira, herritarren defentsarako— zail dugu bestek ezarritako esparruan babesa eta gutxieneko begirunea jasotzea. Beti izango gara mehatxupean, eta beste horrek, arrazoiak arrazoi, komeni zaionean, “demokratikoki” bere artilleria aterako du eta mehatxuka arituko zaigu, komeni bazaio, desagerrarazi arte.

Herritarrok, edo gure ordezkariak baino, epaileak ari dira hizkuntza politika egiten, eta legeak, euskaldunon babeserako baino, euskaldunok erasotzeko tresna bihurtzen dira. Nola sinetsi tamaina honetako isekak, euskararen presentzia hutsaren hurrena denean edozein arlotan, udalerri txiki batzuetan salbu?

“Epaiaren arabera: udaletan euskara lehenesteak EAEko bi hizkuntza koofizialen artean —euskararen eta gaztelaniaren artean— «egon behar duen oreka haustea» dakar, eta, ondorioz, legez kanpokoa da. Argudio hori oinarri hartuta, udal administrazioan euskara lehenestea helburu duten artikuluak baliogabetu egin ditu auzitegi nagusiak”

Egia da lege-babesa oso inportantea dela hizkuntza-komunitate bat artikulatzerakoan, baina legea lege propioa bada, eta ez beste lege zurrunago baten baitatik eratorritakoa bada. EAEko Euskararen Legearekin horrelako zerbait gertatzen da: garatzeko aukerarik ikusten ez den bitartean, ez du arazorik sortzen. Ordea, funtzio erreal bat garatzeko gai ikusten denetan (hezkuntzan, lege-esparruan…), Espainiako aparatu judiziala urduritu egiten da eta eskura dituen tresnak martxan jartzen ditu, konstituzioa beste ororen gainetik dagoela gogoratuz; hizkuntza kontuetan, ezinbestekoa dela espainiera jakitea eta erabiltzea inork ahaztu ez dezan. Euskararen erabilera, ostera, hautazkoa da, nahi duenak erabiliko du eta erabiltzen ez duenak ez du kontuan hartu beharrik izango hemen euskaraz, bere hizkuntzaz bizitzeko eskubidea duen euskal komunitate bat dagoela.

Euskaldun elebakarrarekin indarrez “modu naturalean” bukatu zuten, zertarako eta errealitate “natural” hori gerora, legedian, “orekaren” eta “bake sozialaren” abiapuntu gisa ezartzeko. Ondorioz, elebakar (euskaldun) aritu nahi duenarentzat euskaraz bizitzea ezinezkoa izango dela bermatzeko. Erdaldunarentzat, berriz, euskalduntzea hautu pertsonal, aukerazkoa, hirugarren mailakoa bihurtzen dute, erdaldun elebakar segitzea saritzeko, “zertarako euskaldundu?”  pentsa dezan.

Halaber, ez dugu ahaztu behar euskara baino, euskaldunok garela mehatxatuak hemen, gure eskubideak eta euskaraz bizitzeko ditugun aukerak. Euskara Jendeok gara desagertzeko bidean gaudenak (eta ez euskara bera).

Legeak, epaileak, epaitegiak eta epaiak glotoziden tresna dira hemen eta egun. Horregatik, azaroaren 4an, Zenbat Gara Elkarteko kideok, Bilboko kaleetan izango gara, oldarraldi euskarafoboari aurre egin eta herritarron euskaraz bizitzeko eskubidea defendatzeko.

,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude