Go to Top

“Dena ez da futbola” eta Jose Delgado + Dangiliske gaur Kafe Antzokian, Venezuela Bertaratzen

Venezuelako kontsulatuak eta Zenbat Gara elkarteak antolatuta, Venezuela bertaratzen ekitaldia ospatuko da azaroaren 9an Kafe Antzokian. 19:30etik aurrera, Kurkuluxetan elkarteak “Dena ez da futbola” euskal-venezuelar haur koprodukzioa aurkeztuko du, eta ondoren Jose Delgado kantautore venezuelarrak eta Dangiliske euskal taldeak zuzeneko emanaldiak  eskainiko dituzte.

DENA-EZ-DA-FUTBOLA-KARTELA

“Keinuka mugaz gaindi – Un guiño, un sueño” filmaren ostean, Zenbat Gara elkartearen ekimena den Kurkuluxetan elkarteak genero berdintasuna eta adiskidetasunari buruzko film bat grabatu du. “Dena ez da futbola – No todo es fútbol” euskal eta venezuelar nazioetako haurrek egindako koprodukzioa da, eta bertan, beraien ikuspegitik begiratuta, futbolean sarritan gertatzen diren zenbait egoera azaltzen dizkigute, adiskidetasuna eta genero berdintasuna argumentuaren oinarritzat hartuta.

Bi herri ezberdin, 7.000 kilometro baino gehiagok urrundutako bi kultura, eta aitzitik, haurren bidez, itsaso eta mugen gainetik dauden giza balioen inguruko hausnarketa egiteko zenbait mezu helarazten dizkigute. Abizen berdina (Etxeberria) duten mutil venezuelar bat eta neska euskaldun bat baztertu egiten dituzte beren lagunek. Mutilaren kasuan, ustez, futbolean txarto jokatzen duelako; eta neskaren kasuan, aldiz, emakume izategatik. Internet bidez elkar ezagutzen dute eta norberari gertatzen zaiona elkarri kontatu ondoren, egoerari aurre egitea erabakitzen dute.

Protagonistak: Alaitz Zelestino – Iratxe Bernaola – José Alejandro Jiménez Zuzendaritza orokorra: Rita Naveira – Koldo Zelestino Venezuelako Zuzendaritza eta Lan taldea: Norma Courlaender – Alfredo Medina – Edwar Guanipa Grabaketak Venezuela eta Euskal Herriko hainbat tokitan egin ziren (Igorre, Dima eta Coro). Film honekin batera Unitate Didaktiko bat prestatu da, pelikularen material osagarri gisa.

Igorre eta Venezuelako aurkezpenak

Urriaren 21ean Igorreko Kultur Etxean estreinatu zen filma, eta egun hauetan Venezuelan aurkezten ari da: Coro hirian, “IV. Muestra Audiovisual Latinoamericana y del Caribe para niños y niñas -Luces del Alba-“ jaialdiaren baitan, eta Caracasen, CNAC-en egoitzan (Centro Nacional Autónomo de Cinematografía) eta bertoko hamar “Parrokietan” (Kultur Etxeak).

Horrez gain, Venezuelako zinema guztietan, pelikula komertzialen aurretik, “Dena ez da futbola”ren bertsio laburrago bat (13 minutukoa) proiektatuko da. Bestetik, zenbait jaialdi eta naziotatik filma eskatu dute bere esparruetan proiektatzeko, hala nola, Kolonbia, Kuba, Uruguay,… Izan ere, “Dena ez da Futbola” filmak hiru bertsio ditu: Euskal Herrirako, erdaraz esaten dena azpitituluak jarrita (17 minutukoa); Venezuelarako bertsioa, dena azpitituluekin, 17 minutukoa; eta Venezuelako zinematarako bertsioa, 13 minutukoa.

10 urte baino gehiago haur eta gazteekin lanean
Kurkuluxetan elkartea haur eta gazteen garapenerako arlo artistiko eta hezitzaileak lantzen dituen kultur elkartea da. 10 urte baino gehiago darama lanean: antzerkigintzan Ane Monna, Oskola eta Karramarroi eta Zirtaka antzerki taldeen bidez; dramatizazioa lantzen ikastetxeetan eta antzerki topaketak antolatzen; umeentzako jaialdiak ospatzen; Bilboko jaietan ere ume eta gazteen protagonismoa beti euskaraz aldarrikatzen eta sortzen Zaparrada konpartsaren bidez… Informazio gehiago, www.kurkuluxetan.org webgunean eta bere sare sozialetan.

josedelgado

Jose Delgado eta Dangiliske zuzenean
Film laburraren proiekzioaren ondoren, Jose Delgado kantautore venezuelarrak “Algo” bere lan berria aurkeztuko du. “Algo” da diskoari izena ematen dion kanta, eta Delgadok beste abesti berri guztien amatzat du. Bere errepertorioanCaracas bere jaioterrian hain bereizgarria den nortasun eklektikoa aurkitzen dugu: venezuelar musika tradizionala, merengue eta pasaje tuyeroa kasu, baladak, son, rock´n´rolla, charanga, popa, jazz manouche eta bals. Gau honetan bere hamar urteko ibilbidean zehar lagundu duten abestiak ere partekatuko ditu entzuleekin. Gitarra lagun, Delgadoren eszenaratzea xaloa izango da, artistaren bihotzeko erdigune infinitora zuzen-zuzenean joatera gonbidatuko gaituena.

Ostean, euskal-venezuelar konexioa eginez, Dangiliske taldea arituko da. Euskal doinuak jotzen dituen plaza dantza taldea dugu Dangiliske, eta honako partaideak ditu: Eneko Bilbao, dantzaria; Itziar Ituño, ahotsa, panderoa eta dantzaria; Janire Egaña, ahotsa, trikitixa; Efren Rodriguez, dultzaina, alboka, gaita galegoa eta txirula; Robert Awa Nari, gitarra akustikoa; eta Juanpe Salvador, baxu elektrikoa.

, , , , ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude