Egunotan 30+2 urteurrena ospatzen ari da Bakaikuko Barnetegia. Gabriel Aresti euskaltegiaren eskutik 1990ean sortua, pandemiak eragotzi zigun duela bi urte eta iaz efemeridea ospatzea, baina aurten bai ospatuko dugu, era xumean bada ere, barnetegiak hiru hamarkada daramatzala Euskal Herri osoko ikasleak euskalduntzen (gabrielaresti.eus-etik ekarria).
Ospakizunak San Juan bezperan hasi ziren, haurrentzako Maddi Pirata emanaldiarekin eta, 30ean, gazteentzako zirku tailerra egon zen. Asteburu honetan ere, Santio festetan, egongo da ekitaldirik: datorren larunbat arratsaldean bertso poteoa antolatu du barnetegiak, 19:00etan, Julio Soto eta Amaia Agirrerekin eta, ondoren, 20:00etan, auzatea eskainiko du, Sakanan herri osoarentzat antolatu ohi den jan-edana. Izan ere, bakaikuarrekiko harreman handia landu du hiru harmarkadotan barnetegiak, eta hainbat herritar ikasle zein langile ibili ohi dira urtero bertan. Euskal artisten emanaldiak ez dira faltako, urtero bezala, abuztuan eta irailean.
Bere ezaugarriak eta kokapena (Euskal Herriaren erdigune geografikoan) kontuan hartuta, Bakaikuko Etxea oso aproposa da era guztietako egonaldiak eta mintegiak egiteko, beharrezkoak diren azpiegitura eta erosotasun guztiekin. Milaka ikasle igaro dira Bakaikutik urteotan, eta bertan laguntasun handiak sortu dira, baita bikoteak eta familiak ere! Ehunka egonaldi, txango, eskola, jolas, solas eta bestelako jarduera ugari egin dira bertan. Barnetegiak nolakoak diren eta bertan zer egiten den azaldu genuen hemen duela gutxi. Bertan, euskaraz eta euskaran 24 orduz murgilduta egonik eta ondo pasatuz euskara konturatu gabe askoz azkarrago eta hobeto ikasten dute ikasleek.
Udan ez ezik, urte osoan ere eskaintzen ditu barnetegi txandak Gabriel Arestik bertan, gazteentzat batzuk eta helduentzat besteak. Uztailean 16 eta 18 urte inguruko gazteen txandak izan dira, baina abuztuan eta irailean helduentzako txandak egongo dira. Matrikula online edo Gabriel Aresti euskaltegiaren bulegoan egin daiteke. Webgunean edo 944237591 telefonoan barnetegien eta udako aukera guztien inguruko informazioa eman eta zalantza guztiak argituko dizkigute.
Utzi erantzuna