Go to Top

Badator Marijaia, badator Pellot… badator ALGARA!

Bueltan da Aste Nagusia eta bueltan da ALGARA konpartsa euskalduna! Berriz Urbeltzen Dantza Ganbara, Zaparrada haur konpartsaren ekintzak, herri bazkariak, Euskara Ikasleen Eguna, Bertso Eguna, Iparralde Eguna, Algara Kantari, disko jartzaileak, Bilbo Hiriaren irrati saioak… Gaueko Kontzertuen artean AKATZ, SKABIDEAN, WILLIS DRUMMOND, ARIMA, JOSEBA IRAZOKI ETA LAGUNAK, NIÑA COYOTE eta CHICO TORNADO eta ZEA MAYS izango ditugu, besteak beste. Informazio guztia Algara konpartsaren webgune berrian aurkituko dugu.

Azkenik! urtebete barik, hiru urte igaro behar izan dira Aste Nagusia bueltatzeko, baina oraingoan bai, gure Filibusti txosna-ontzia ezarriko dugu ohiko lekuan, Naja gunean, Bailen kaleak eta Areatzako zubiak bat egiten duten balkoian. Eta, festaren itzulera konpartsok aste hau NAGUSIA izatea nahi dugunez, egitarau potoloa prestatu dugu, gaueko zein eguneko ekitaldi mordoarekin. Hemen duzue egitarauaren kartela baita eguneko zein gaueko egitarauak biltzen dituzten bideoak ere (algara.eus webgunetik ekarria):

2022ko egitaraua

Eguneko programazioari dagokionez, eta larunbateko jaitsieran, txupinaren ekitaldian eta txosnen zabaltze-ibilbidean parte hartu eta biharamunean, igande arratsaldean, Urbeltzen Dantza Ganbara izango dugu, gurean klasikoa den plaza dantza saio irekia Juan Antonio Urbeltz handiaren eskutik.

Astelehenean, euskara ikasleen egunaren tradizioari eutsiko diogu, ohikoa den paella lehiaketarekin, baita jokoak, dantza saioa eta euskara ikasten ari direnen arteko bazkariarekin ere.

Astearten, bertsoek eta bertsolariek txosna hartuko dute, ALGARAn bertso eguna izango baitugu: Lehenik hamaiketakoa 11:30ean, ondoren bertso-poteoa txosnagunean bertso-eskolen eskutik eta, 14:00etan bazkaria ALGARAn. Bazkalostean Bilboko Bertsolari Gazteen III. Sariketa jokatuko da gure karpapean. Bertsolariak Izaro Bilbao, Beñat Astiz, Haizea Telleria eta Jon Mendiluze izango dira, eta gai-jartzailea Unai Mendiburu. Ondoren, bertso-poteoa izango dugu zazpikaleetan barna, bertso-eskolen eskutik eta Roberto Etxebarriaren eskolako trikitilariek girotuta.

Asteazkenean, Iparralde Eguna izango dugu: Herri bazkaria eta, bazkalostean, “Algara Kantari” kantagintza saioa izango dugu Anje Duhalderekin.

Astean zehar, Zaparrada haur konpartsaren eskutik, haurrentzako ekitaldiak izango dira: igande eguerdian haurrentzako programazioari ekingo diogu, Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoekin, asteartean, haurrek ogi tailerra izango dute Ostegun eguerdian Mugi Zaitez Diskofesta.

Eta aste osoan ere, baina astelehenetik ostiralera, Bilbo Hiria irratiak zuzeneko irrati saio bereziak egingo ditu 13:00etatik 14:30era, ALGARAtik bertatik. Urtero legez, bertatik igaroko dira Aste Nagusiko pertsonaia nagusiak eta ez hain ezagunak, programazioa eta jaiaren barrunbeak ondo ezagutuko ditugu protagonisten eskutik.

 

Gaueko egitarau indartsua
Indartsua dator gaueko programazioa aurten ALGARAn. Kontzertuei dagokienez, hasteko, lehen igande gauean AKATZ eta SKABIDEAN taldeak izango ditugu ska gau tropikalean; astelehenean gorazarre taldeen txanda izango da BON SCOTT REVIVAL SHOW eta LOS PLATERO taldeekin; asteartean WILLIS DRUMMOND eta ARIMA taldeak izango dira; asteazkenean JOSEBA IRAZOKI ETA LAGUNAK ETA NIÑA COYOTE eta CHICO TORNADO (MCONAK ezin izango dira etorri) eta, amaitzeko, ostegunean ZEA MAYS izango dugu. Disko Jartzaileak ere izango dira ALGARA gauetan: ELEPUNTO DJ, EASYER&TRONIS, DJ JONKASS, ENDJ, eta PARY&TIZA.

Beraz, badakizu, datorren astean hurbildu zaitez gure txosnara eta Aste Nagusia goza ezazu gehiago… euskaraz! A, eta egitarau hau osatzeak ahalegin handia eskatzen duela jakitun, jai herrikoiak bultzatu eta txosnetan eskatu!

,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude