Martxoaren 30ean, ostegunean, Herrien Mintzoa bilduma aurkeztuko du Erroa argitaletxeak Bilboko Zirika herri gunean. Aurkezpena 19:30ean izango da eta, bertan, Erroak bilduma horretan argitaratu dituen bi liburuak aurkeztuko dira: Beduino bat Karibe aldean (Mendebaldeko Sahara) eta Qissat, Palestinako emakumeen ipuinak (Palestina). Aurkezpenean, Ali Salem Iselmu saharar idazlea, Xabier Monasterio Erroako editore eta itzultzailea eta Jabi Zabala kazetaria izango dira. Aurkezpenean, testu batzuk irakurriko dira, euskaraz eta hassanieraz, eta Ane Irazabal kazetariak igorritako bideo aurkezpena proiektatuko da.
Herrien Mintzoa bildumaren helburua herri zapalduetako literatura lanak euskaldunon artean ezagutzera ematea da, herri horietako egoerak eta gatazkak ezagutzearekin batera. Horretarako, hautatutako literatura lanak euskaratzearekin batera, herri horren testuingurua eta egoera azaltzen duen hitzaurre batek laguntzen du, gaia ezagutzen duen euskal kazetari batek idatzita.
Qissat, Palestinako emakumeen ipuinak 16 palestinar emakumek idatzitako beste hainbeste kontakizun bildu zituen Jo Glanville kazetari britainiarrak. Xabier Monasterio idazleak ekarri ditu kontakizunok euskarara eta Ane Irazabal kazetariak idatzi du hitzaurrea. Beduino bat Karibe aldean liburua, berriz, Ali Salem Iselmu idazle sahararrak idatzi zuen 2014ean, Un beduino en el Caribe izenburupean eta Erroak 2015ko abenduan argitaratu zuen euskarazko edizioan. Xabier Monasteriok euskaratu zuen eta Jabi Zabalak idatzi zuen hitzaurrea. (Erroaren blogetik ekarria).
Utzi erantzuna