Go to Top

Larunbatean 20 urte bete dituela ospatuko du Bilbo Hiria irratiak

Zuzeneko emanaldi berezi baten bidez ospatuko du Bilbo Hiria irratiak bere 20. urteurrena maiatzaren 27an, bere egungo eta lehengo partaide, kolaboratzaile eta entzuleekin arituko gara 12etatik 14etara, Done Bikendiko gure egoitza paretik, kalean. Saioa lekua kokatuz abiatuko dugu, Albiako lorategitik zuzenean arituko gara. (Bilbo Hiria irratitik ekarria).

Bilboko erdigunean kokatuta gaude, inguruan Ibanez de Bilbao kalea, Done Bikendi, Mazarredo eta Colón de Larreategi ditugu. Baina erdigunean kokatuta bagaude ere, hau aintzina Abandoko errepublika zen. Historian murgilduko gara eta horretarako Bilbo Hiria irratiko kolaboratzaile Hektor Ortega batuko zaigu saiora. Urteurrenaren aitzakiarekin, taula gaineko irrati-antzerkia izango dugu. Galder Perez eta Ane Zabala aktore eta kazetarien eskutik, begiak itxita eta erne entzuteko irrati pieza.

Saioaren bigarren atalean urteetan gurekin ibilitako kolaboratzaileen hitzak batuko ditugu, irratiko beteranoenak eta hasi berrienak. Pedro Elias Igartuak Soinugela saioaren hasierak ekarriko dizkigu gogora. Hainbat kultur magazin elkartuko ditugu: Eremuz kanpo, Xerezaderen Artxiboa edo Piperpolis kasu. Bukatzeko, gure kolaboratzaile dabiltzanen hitzak entzungo ditugu: Iñaki Barcena, Jon Bernat Zubiri, Endika Alabort, Joseba Tobar, Ula Iruretagoiena, Maria Gonzalez Gorosarri…

Larunbatekoa oso hitzordu berezia izango da Bilbo Hiria irratiaren komunitatea osatzen dugunontzat, baina gogoratu behar dugu 2017 urte osoa daukagula ospakizun eta ekimen bereziz betea. Urte hasieratik ari gara irratia auzoz auzo ateratzen, hilean behin larunbat goizetan egiten ditugun zuzeneko saio berezien bidez. Dagoeneko Otxarkoagan, Abusun eta Arangoitin egin ditugu auzoz auzokoak, eta auzo gehiago etorriko dira laster. Inauterietan eta Zientzia Azokan bezala, Munduko Arrozak ekimenean ere izango gara. Uda ostean etorriko dira beste sorpresa interesgarri batzuk gure urteurren ospakizun egitarau honetan eta, dudarik gabe, prest gaude beste 20 urtez Bilboren euskal taupada izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude