Marian Arregik eta Juan Antonio Urbeltzek, beren seme Mikelekin batera, Urbeltzen Dantza Ganbara proiektuari eman zioten hasiera 1998ko urriaren 28an. Datorren asteazkenean, azaroaren 7an saio berria izango dugu Bilboko Kafe Antzokian, estreinakoa Marian Arregi zendu zenez geroztik.
Urbeltztarrena proiektu aurrendaria izan da dantza sozializatzeko azken urteetan egon den mugimenduan, izan ere, 20 urte hauetan, hilero-hilero, dantzarako plaza bilakatu dute Kafe Antzokia, doako saio irekian, jendearen parte hartzea eta dantzazaletasuna sustatzeko helburuarekin. Europan zehar ezagututako antzeko esperientzietan izan du inspirazio iturri, adibidez Hungariako Tanchaz mugimendua. Marian Arregi martxoan zendu bazen ere, eten baten ostean egitasmoak aurrera jarraitzen du eta plaza dantzaz eta doinuz betetzera dator, partaide zahar-berriak lagun.
JUAN ANTONIO URBELTZ (Biografia laburra)
Juan Antonio Urbeltzen gidaritzapean, Argia dantza taldeak euskal dantza tradizioaren ikerketa, berreskurapen eta hedapenean egin du lan 1965etik. Horretan Marian Arregik berebiziko garrantzia izan zuen musika arloa gidatuz. Egindako lanaren zerrendatzea amaiezina litzateke testu labur honetan, baina tartean aipatu behar dira, Eaurtako neska dantza edo Axuri beltza eta Irradaka nesken dantzak, habanera generoarekin egindakoak, Gipuzkoako dantzetako galaienak edo iparraldeko inauterietarako sortu, berreskuratu edo zabaldutako polka, kontradantza, dantza-luze… Ikerketak hainbat ikuskizunetan izan du emaitza, azkena izanik Martin Zalakain (2017). Argitaratutako liburuen artean azkenak dira «Morir» en la hoguera el Martes de Carnaval (Pamiela, 2017) eta Juan Ignacio de Iztueta y Yo (Txertoa 2018). Bere lanak oinarria izan dira ere Telmo Esnal zinema zuzendariaren Dantza (2018) filmean.
Hemen ikus ditzakegu duela 20 urteko lehendabiziko saio haren irudi batzuk:
Utzi erantzuna